1991-2026

*
Suaroak

Gure herriaren gizaldietako eraikuntza erraldoien ondarea.

*
Sutearo

35 urteko eten gabeko lanaren fruitua.

*
Beharrizana

Gizakiok bizikidetza duin bat elkarri zor.

*
Arriskua

Elkarlaguntza erakundeak galtzear gizakion noraezagatik.

*

Bultzatzailea

EHNE, Nekazaritza esparruko ohituren zaintzaile.

*
Langileak

Egitasmoan sinetsi zuten eta sinetsi duten eta sinesten jarraitzen duten pertsonak, Erakundeko kargudunez gain, urte hauetan lanean jardun duten pertsonak: sortzaileak, bulegoko langileak, bulegotik kanpo lan egin dutenak eta egiten dutenak (perituak, abokatuak, diseinatzaileak, programatzaileak, boluntarioak…).

*
Denok

Denon artean eutsi eta defendatu dugu gure arbasoek sortutako etxea. Merezi izan du. Eta merezi du hurrengo belaunaldiei eredu duin bat transmititzea, zaintzeko, hobetzeko eta iraunarazteko eskabidearekin.

*
Urtebetetzea

35. urtebetetze honetan, denon artean eraikitako ELKARLAGUNTZA etxe honen barnean, denok elkarri eskerrak ematen dizkiogu:

Kepa Enbeitari gure esker ona adierazi nahi diogu, Sutearoren historiari buruzko testuak sortzen egindako lanagatik. Haren jakinduriak eta hitzek gure ibilbidearen pasarte garrantzitsuenak biziberritu dituzte, eta 2026ko egutegian gure iragana, balioak eta nortasuna modu hurbil eta ederrean islatu ditugu, haren laguntzari esker.

Denok denoi, mila esker eta aurrera.

Kepa Albizu Urionabarrenetxea
Sutearoko gaur egungo lehendakaria

Suaroak, Sutearo zein etxe-erreenak, bat dira denak

Lea-Artibain, hamar Suarotik zortzi bizirik zeuden, baina inork ez zuen haien ardurarik hartu nahi, eta zerbait egin beharrean sentitu ginen, gure ohiturei aurrerabideak ez ixteko.

1988/1991, Suaro guztien ordezkariekin hainbat bilera egin ondoren, kudeaketa amankomun bat egitea erabaki eta Federazio bat sortu genuen. Aldaketa honi SUTEARO deitu genion.

Aurreko Suaroen ibilbideak ezagutu, onenak hartu eta aurrera egin genuen. Bide berriari 14 elkartek eman genion hasiera –Amoroto, Aulesti, Barinaga, Berrittu, Bolibar, Errigoiti, Etxebarria, Ispaster, Mallabia, Markina, Mendata, Mendexa, Munitibar, Murueta-, eta ia zortziehun partaide izan zituen. Lehenengo pausoak Markinako Mibatik zuzendu genituen. Zimentarria sendo jartzen ahalegindu ginen.

Eugenio Jaio Bermeosolo
{1991-1994}

Akorduak, arauak, luzaroan jarraitzen, ohitura dira bihurtzen

Aspaldi haietan, gizakiek elkarrekin bildu, hitz egin eta arau batzuk adostu zituzten, elkarrekin konpontzeko eta bizikidetza duin bat denek gozatzeko. Barinagan eta Aginagan arau haiekin jarraitzen genuen, eta oraintsu ere Suaro biak bat eginda ari ginen. Gure esperientzia Lea-Artibaiko bileretara eraman genuen adibide gisa. Denon artean hartutako ibilbide berriak abiada handia hartu zuen, eta kudeaketa ere zailtzen zihoanez, eskualde askoren bidegurutze egiten zuen Zornotzan atondu genuen bulegoa eta derrigorrezko lanabesak prestatzen ahalegindu ginen. Hamar Suaro gehitu ziren hasi berri zen gurdira -Ajangiz, Arratzu, Atxondo, Busturia, Elorrio, Erandio, Etxano, Foru, Muxika, Nabarniz-, eta mila eta bostehun bat bazkide gehiago.

Alberto Agirregomezkorta Aranzeta
{1994-1998}

Elkarkidetza bizitzak, askotariko elkarlaguntzak

Estruktura aldetik martxan genuen Sutearo, gure Suaro berria. Eta egunero azaltzen ziren hutsuneak betetzen ahalegindu ginen. Zuzendaritza edo karguekin gertatzen zen norbait lehendakari aukeratzean ez zekiela zer egin. Hori konpontzeko, lehendakaria aukeratu aurretik lehendakariorde izan beharra ezarri genuen, lehendakaritzara iristen denean nondik dabilen argi izateko. Tarte horretan beste hamar Suaro gehitu ziren -Abadiño, Angiozar, Arrieta, Dima, Ezkio-Itsaso, Leioa, Mendoza, Otxandio, Urretxu, Zeanuri-, eta Federatutako Sutearoetako bazkideen kopuruak hiru milaren langa pasatu zuen.

Juan Jose Aierza Barrutia
{1998-2002}

Gizakion auzolana, herriaren ekonomia duinena

Elkarlaguntzaren aurretik auzolana dago, antzekoak, baina ez dira gauza bera. Gure Elkarlaguntza, Sutearo, hasten eta hasten zihoan, baina hainbaten artean arriskuak ikusten zirenez, horiek haien artean konpentsatzeko bide berriak urratu genituen. Arriskuak ekiditen zituztenak onduz eta arrisku handienekoei baldintzak jarrita. Suteak itzaltzeko ur instalazioen egoerak ere jorratu genituen, eta mantenimendu protokoloak ezarri. Tarte horretan bi Suaro gehitu ziren -Fruiz, Zeberio-, eta bostehun bat bazkide.

Pablo Gabikagogeaskoa Gailetebeitia
{2002-2005}

Laguntza ematen badut, nik ere laguntza jasoko dut

Auzoek eskulana behar dutenez, auzokideak elkarrekin ondo konpontzen saiatzen dira. Ez dute nahi auzokiderik kanpora joan dadin. Auzokide bati etxea erretzen bazaio, denek lagunduko diote, konpontzeko dirurik ezagatik kanpora joan ez dadin. Abadiñoko Suaroaren kudeaketan hasita geunden, Araudia berrituz eta bazkideen partaidetza estimulatuz. Hala ere, Sutearon hobeto babestuta izango ginelakoan, elkartzeko bideak erraztu genituen eta emakumeen ikuspegi freskoa jartzen saiatu ginen. Gipuzkoatik Suaro bat gehitu zitzaigun -Gabiria-, eta berrehun bat bazkide.

Arantza Begoña Basterretxea
{2005-2007}

Laguntzen gutxi, kalte txikia ere handi

Nabarnizko etxe-errena bizirik zegoen eta elkartasun onean ari ginen, baina elkartasuna zabaltzea pentsatu genuen eta gure alea gehitu genuen indarrez zetorren Sutearo mugimendura. Arrietako elizaren sutearen erraldoitasuna kudeatzea suertatu zitzaigun. Seriotasunez lan egin eta ondo ateratzea lortu genuen. Sutearon bulego berriaren notario eta ofizialtasun agiriak ere egunean jarri genituen. Ez zen Suarorik gehitu, baina bai hirurehun bat bazkide.

Jaione Oar Etxebarria
{2007-2009}

Emaztea haurdun, auzoko andere denak lagu

Elkarlaguntza edo, kasu honetan, auzolan berezia esan genezake, ez delako diruz laguntzen, laguntza pertsonalaz baizik. Atsolorra deitzen zioten: Elkarteko emakume bat haurdun gelditzen zenean, elkarteko emakumeak haurdun zenaren etxean biltzen ziren, eta denen artean banatzen eta betetzen zituzten etxe hartako lanak, haurra jaio eta berriz ondo jarri arte. Oraindik nonbait praktikatzen delakoan gaude. Gipuzkoan ez zen ezagutzen Sutearoren egitaraua. Publizitateko spot batzuk egin eta telebista bidez eman genituen. Gipuzkoako baserritarren sindikatua ere anaiartera erakartzeko saiakera bat baino gehiago egin genuen. Ez genuen lortu, baina ahalegindu ginen. Ez zen Sutearo berririk sortu baina bai berrehun bat bazkide gehitu.

Jose Migel Elgarresta Murua
{2009-2011}

Nolako kalte eragile, halako poltsa erantzule

Eibar, Elgoibar, Plaentxi… ingurukoak, ortu eta soroko kalteei erantzuteko, elkarlaguntza bidez aritzen ziren. Ekoizpenen balioaren honenbesteko bat jartzen zuten poltsan. Jarritakoa baino kalteen kostua handiagoa zenean, gehiago jartzen zuten, eta gutxiago bazen, itzuli egiten zitzaien edo hurrengorako gorde. Haizeteak, uholdeak edo harriak sortutako kalteei erantzuteko, lau aldundien aholkuz beste poltsa bat sortu zuten, eta aldundiek ere dirua jartzen zuten poltsa horretan.

Baserritar eta dendari garen aldetik, bi aldetatik sinetsi genuen Sutearon egitarauan, eta gure herriko elkartekoek sortu zutena zaintzen eta aurreratzen ahalegindu ginen. Hirurehun bazkide gehitu ziren.

Maria Jesus Etxeberria Mazkiaran
{2011-2013}

Kaltetua bat, laguntzeko hainbat

Auzolana eta Elkarlaguntza antzekoak dira, sustrai berekoak, filosofia berean oinarrituak… Auzolanean, lanean elkartzen dira, esku lana jartzen dute, trukean ezer eskatu gabe.

Elkarlaguntzan, kostatzen dena kostatzen dela, kalteen kostuei elkarkidetzan erantzuten zaie.

Saiatu ginen Gipuzkoa aldean gure oinarrizko erakundeei buruzko eztabaida sortzen, bai eta Bergara aldeko beste elkarte batzuk hurbilarazten ere, eta poliki-poliki ingurune handia hartzen zihoan Zuhaitza ongarritzen eta sendotzen. Sutearo berri bat sortu zen -Txorierri-, eta hainbat bazkide berri bazkidetu ziren.

Pello Urteaga Iparagirre
{2013-2016}

XVII. mendean, idiak ere euskaraz kirolean

XVII. gizaldian eta Txorierrin bazen elkarlaguntza bitxi bat. Elkarlaguntza horretan, probetan erabiltzen ziren idiak babesten ziren, eta probetan edo bidaietan gertatu ahal zitzaizkien kalteei erantzun. Eta bi aldiz bitxia: garai haietan, elkartearen arauak euskaraz idatzita zeuden. Lea-Artibai osoa zegoen ordurako Sutearo barruan. Zainketa eta elikatzea gelditzen zitzaigun eta horretan saiatu ginen, eta batez ere arriskuak nola ekidin bazkideak kontzientziatzen.

Karlos Arrizubieta Gerrikagoitia
{2016-2019}

Gizakia kobatik ateratzean, Elkarlaguntza atean

Sutearo ez da atzo goizaldekoa. Gizaldietan zehar gure arbasoek eraikitakoa bera da Sutearo. Izena 1990eko hamarkadakoa da. Lehenago Suaroak, Etxe-errenak, ermandadeak… deitzen zitzaien. 1990ean bizirik zeuden Suaro batzuk elkartzea erabaki zuten, eta elkarte horri deitu zitzaion Sutearo, baina, izatez, aurreko Suaro edo etxe-errena bera da Sutearo. Ehunka urte ditu gure erakundeak. Jose Migel Barandiaranek esan zuen: elkarlaguntza gizona kobatik atera zenean sortu zen.

Era guztietako elkarlaguntzaz jositako herritik gentozen, eta espiritu horrekin erraz moldatu ginen Sutearon lanera, toki guztietan gertatzen ziren hutsuneak zuzentzen eta egitura sendotzen.

Jose Iglesias de la Iglesia
{2019-2022}

Inor ez dadila etxe gabe gelditu, hondatutakoa jasotzeko ekonomia ahalmenik ez duelakok

Gure herriak bere buruari eman dion araubidea eta bizikidetza da Elkarlaguntza erakundea. Herri ekonomiaren kudeaketa: Auzolana, auzokideen lana partekatzea. Elkarlaguntza, kalteak eta kostuak partekatzea.

Herriak bere buruaren jabe zirenean, lana eta arriskua partekatzeko erakundeak garatzen zituzten. Gaurko mundu globalizatu honek gure oinarrietatik des-sustraitu gaitu, eguneroko arazoei erantzutetik urrundu eta merkatu basati baten menpe jarri. Gure erraietako ohituretan sustraitutako erakundeek askoz hobeto erantzuten zioten, sortu ahala konponbideak emanez elkarlaguntzan oinarrituta. Aurretik ondo egindako lana zaintzea ez da hain zaila izaten, baina, betiere, begiak oso zabalik eta bizkor behar dira bideko traba-oztopoak uxatzeko. Ahaleginean ez genuen etsi.

Karmelo Alegria Zelaia
{2022-2025}

×

WhatsApp

× Zertan lagun zaitzakegu?