SUTEAROREN LAGUNTZEI BURUZKO GALDERAK


Zeintzuk dira Sutearoren laguntzak jasotzeko kasuak?

Ongi egindako galdera da. Izan ere, GURE arauak eta laguntzak, bazkide guztion artean ezartzen ditugu. Berriz ere azpimarratu nahi dugu Sutearo EZ dela aseguru-konpainia bat eta, beraz, laguntzak ez datoz goitik “ezarrita”.

Bazkideok erabakitzen dugu, geure batzarretan eta asanbladetan, zein kasutan lagunduko den kalte jakin bat konpontzen eta zein kasutan ez den ezarriko laguntzarik.

Une honetan Sutearoren laguntzak “Laguntzak Emateko Akorduak” (Acuerdos para la prestación de ayudas),  liburu gorrian irakur litezke. Liburu hori Sutearoren agiri guztiekin batera ematen da. Web gune honetako “gure laguntzak” menuan ere irakur daiteke.

Kalte baten partea eman dut eta esan didate ez daukala laguntzarik, kalteak mantentze-lanak ez egitearen ondorioa direlako. Zer da edo noiz jo dezakegu mantentze-lanak egin gabe daudela?

Etxebizitza egoki mantentzea bazkide bakoitzaren ardura da. Sutearok ez du babestuko etxebizitza ondo ez mantentzearen ondorioz sor daitekeen kalterik. (Ikus AKORDIOAK liburua, Oinarrizko akorduak, 11 puntua, 07 orrialdea).

  • Demagun etxeko teilatuan ez dugula mantentze-lan egokia egin. Urteen poderioz, haizeak, euriteek, elurrak edo denborak berak, kalteak eragin ditzakete: teilak mugitu eta itoginak eragin, adibidez. Gehienetan, itoginak mantentze-lan egokien gabeziaren ondorio dira, ez bada haizete handi batek, une zehatz batean, teilak mugiarazi egin dituela.
  • Teilatua konpontzeko lanak, eta teilak mugitu direlako sortu den itoginak eragindako kalteek, horiek guztiek laguntza jasoko dute, baldin eta haizete, txingor edo elurte handi batek eragindakoak badira, baina ez denbora luzez eguraldiaren menpe egotearen ondorio badira.
Zein ezbeharrek dituzte frankizia edo mugak?

Adibide bezala, hauek aipatuko ditugu:

  • Ezbehar batzuetan, bazkideen kontratuan jasotako frankiziak eta mugak ezartzen dira; horixe izan daiteke arrazoia. Frankizia horiek laguntza-liburuan begira ditzakezue. Berriro diogu: EZ dago “hizki txikirik”. Frankiziak kontratua egiteko unean ezartzen dira, eta argi eta garbi agertzen dira “Laguntzak emateko Akordioetan”.Adibide bezala, honako hauek aipa ditzakegu:
  • Kristalak, bainugelako eta sukaldeko loza edota bitrozeramikazko kristalak apurtzen direnean: % 10eko frankizia eta 3.000 euroko muga. Beraz, kristala hautsi eta 100 eurotako faktura bidaliz gero, 90 euro jasoko dira (10 euroko frankizia, bazkidearen kontura). (Ikus AKORDUAK liburua, 3 Akordua, 20-21 orrialdeak).
  • Dirua lapurtuz gero: 300 euroko muga, lapurreta kalean bada, eta 500 euroko muga, lapurreta etxean bada. (Ikus AKORDUAK liburua, 4 Akordua, 2 puntua, 31 orrialdea).
  • Tximistak gailu elektrikoak matxuratuz gero: % 10eko frankizia lehen ezbeharrean, eta % 30ekoa eta % 50ekoa bigarrenean eta hirugarrenean. Hirugarrenetik aurrera, ez da laguntzarik emango. Tentsio-aldaketetatik babesteko gailuak edukiz gero, EZ da ezarriko inolako frankiziarik.(Ikus AKORDUAK liburua, 1 Akordua, 3 puntua, b letra, 4.  eta 5. paragrafoa, 12 orrialdea).
  • Haizeak eragindako kalteak: haizearen abiadurak 96 km/h baino handiagoa izan behar du, kalteek laguntza jasotzeko. Abiadura gutxiagoko haizeak eragindako kalteak ez du laguntzarik jasotzen, suposatzen delako 96 km/h baino abiadura gutxiagoko haizeak kalterik eragin badu, etxebizitza txarto zaindu izanaren ondorioa dela. Eta, mantentze-lanik ez egiteagatik sortutako kalteek ez dute jasotzen Sutearoren laguntzarik.(Ikus AKORDUAK liburua, 2 Akordua, 4 puntua, 18 orrialdea).
  • Nekazaritza-jeneroa lapurtuz gero: aurretik zehaztutako balioaren % 20ko laguntza emango da, 12.000 euroko mugarekin. Beraz, nekazaritza-jenerotan 18.000 euroko balioa badaukat zehaztuta, eta lapurreta gertatzen bada, asko jota 3.600 euro jasoko ditut.(Ikus AKORDUAK liburua, 4 Akordua, 4 puntua, 2en paragrafoa, 32 orrialdea).
    Sutea eta ura badira arrazoiak, kontratuan zehaztutako nekazaritza-jeneroaren zenbateko osoa ordainduko da.
    Abereak edo ibilgailu-tresnak (adibidez, traktorea) lapurtuz gero, halakoak lapurreta-laguntzatik kanpo daude.(Ikus AKORDUAK liburua, 4 Akordua, 5 puntua, 1 paragrafoa,  32 orrialdea).
  • Etxera ezin sartzea: adibidez, sarraila hondatu edo lapurreta egon delako, edota giltza galdu edo hautsi delako, etxebizitzako ate nagusiko sarraila aldatu egin behar bada. 150 euroko muga dago zehaztuta. Sarraila aldatzeagatik 200 euro kobratzen badigute ere, Sutearok 150 euro ordainduko ditu.
    EZ da laguntzarik emango garajeetako edo beste eraikin batzuetako sarrailak aldatzeko, ez eta etxebizitzan sartzekoak ez diren barruko beste ate batzuetakoak aldatzeko ere.
    Beraz, trastu-gelako edo garajeko sarraila matxuratzen bada, sarraila hori aldatzeko ez da laguntzarik jasoko.(Ikus AKORDUAK liburua, 3 Akordua, 5 puntua. 24 orrialdea).
  • Erleak edo liztorrak uxatzea: Erle edo liztorrak kontratuan babesteko eraikinean sartu edo teilatuan había egiten dutenean, eta horiek uxatzeko suhiltzaile edo beste edozein profesionalen zerbitzuak erabiltzen direnean, emango den laguntza profesional hauen fakturaren zenbatekoa izango da, 100 euroko mugarekin. (Ikus AKORDUAK liburua, 3. Akordua, 9. Puntua. 27 orrialdea).

Iberdrolaren eraginez sare elektrikoko tentsio aldaketen ondorioz tresna elektriko batzuk hautsi zaizkit etxean. Sutearoren laguntzen barruan sartzen al da hori?

EZ. Sutearoren laguntzetan berariaz jartzen du tresna elektrikoetan sortutako kalteetan konpontzen lagunduko dela tximistak eragindako tentsio aldaketen ondoriozkoak badira. Beraz, tentsio aldaketen eragilea Iberdrola bada, kalteek EZ dute laguntzarik izango.

Sutearok, kasu honetan, Iberdrolaren aurrean erreklamazioa aurkezteko laguntza ematen du, Iberdrola delako eragilea eta berak erantzun behar duelako. Baina, Sutearok ez du ordaintzen.

Arazo bat daukat auzokoarekin. Sutearok badauzka abokatuak auzi horretan laguntzeko

EZ da beti horrela. Defentsa juridikoko babesa aplikatzeko zirkunstantzia hauek gertatu behar dira:

  • Sutearoko bazkideak Sutearon inskribatuta eta baloratuta dagoen elementuren batean kaltea izan behar du.
  • Kalte hori Sutearoren laguntzetan babesik gabea izan behar da eta hirugarren batek eragina.
  • Epaitegietara jo aurretik beste bide guztiak agortu behar dira (erreklamazioak…)

Adibide bat jarriko dugu. Sutearoko bazkide batek lurren mugak direla-eta arazoren bat badu auzokoekin Sutearok ez du haren eskura abokaturik jarriko.

Nik garaiz eta egoki ordaindu ditut erreziboak, baina ez didazue erantzuten. Zergatik?

Sutearok ERANTZUN EGITEN DU, baldin eta bazkideek hitzartutako laguntzen barruan badago kaltea. Ez da pentsatu behar ekarpenak egin direlako, edozein kaltek erantzuna jasoko duenik. Bazkideen artean erabakita dago zein kasutan erantzungo zaion kalteari, eta zein kasutan ez.

Askotan entzuten da: “urteak eman ditut Sutearon parterik eman gabe, eta behin bat eman dudanean, ez dit inolako laguntzarik eskaini”.

Kaltea estalita badago, beti jasoko du laguntza, nahiz eta bazkideak parte asko eman. Ez da ordaintzen emandako parte-kopuruaren arabera; kaltea babestuta dagoen ala ez, horren arabera ordaintzen da.

Nik ordaindutako fakturaren zenbatekoa baino gutxiago ordaindu dit Sutearok. Zergatik?

Ezbehar batzuetan, bazkideen kontratuan jasotako frankiziak eta mugak ezartzen dira; horixe izan daiteke arrazoia. Frankizia horiek laguntza-liburuan begira ditzakezue. Berriro diogu: EZ dago “hizki txikirik”. Frankiziak kontratua egiteko unean ezartzen dira, eta argi eta garbi agertzen dira “Laguntzak emateko Akordioetan”.

Zer egin behar dut tximistak eragindako ezbeharretan frankiziarik ez izateko?

Tximistak (baina ez konpainia elektrikoek) eragindako tentsio-aldaketen ondorioz, gailu elektrikoetan sortzen diren matxurak babesten ditu Sutearok, baina frankizia batzuk ezartzen ditu. Alabaina, “ez du frankiziarik ezarriko, aseguratutako eraikinak babesteko gailuak baditu” ( Ikus Laguntzak Emateko Akordio Liburuaren 1. Akordioa, 3. puntua, 11-17 orrialdeak).

Sutearok baditu halako gailuak bere bulegoan. Gailu edo aparatu horiek bat-bateko tentsio-aldaketak ekiditen dituzte, azken batean halakoek eragiten baitituzte matxurak. Bi aukera daude babesgailu horiek ezartzeko:

1. Bazkideak berak erosi eta jar ditzake edo

2. Bestela, Sutearori eska diezaioke ezartzaile bat bidaltzeko etxebizitzara, berak jar ditzan. Horretarako, nahikoa da Sutearora deitzea, 94 630 00 62 edo 660 396 700 telefono-zenbakietara.

Babesgailu bakoitzaren prezioa, ezarpena barne, honako hau da:

  • Ezarpen monofasikorako: 125 euro; korronte elektriko monofasikoaren sarreran ezartzen da, eta instalazio osoa babesten du.
  • Ezarpen trifasikorako: 200 euro; instalazio trifasikoak dituztenentzat.
  • Telebista, SAT eta bideoa babesteko gailuak 75 euro; antenaren deribazioan ezartzen da, eta antenatik etor daitezkeen matxurak babesten ditu.
  • Telefono-lineak babesteko gailuak 105 euro; telefono-linearen sarbidean ezartzen dira, eta handik datozen matxurak ekiditen ditu.
  • Ordenagailuak babesteko gailuak 110 euro.

Hori bai, gailu horiek ezartzeko, elektrizitatearen lur-konexioak (“tierra” delakoa) egoera onean egon behar du. Hala ez bada, ezin izango da babesgailurik ezarri, egoera konpondu bitartean. Lur-konexio hori ezarri edo elektrizitate-sistema egoera onean jartzeko lanek eragiten duten kostua, beti, bazkidearen esku egongo da.

Normalean, babesgailu horiek dituzten eraikinetan ez da egoten tximistak eragindako kalterik. Nolanahi ere, halakorik gertatuz gero, konponketaren % 100 ordainduko dio Sutearok bazkideari, frankiziarik ezarri gabe. (Ikus AKORDUAK liburua, 1 Akordua, 3 puntua, b.letra 5en paragrafoa, 12 orrialdea).

Bitxiak lapurtu dizkidate. Laguntzak irakurri ditut, eta bitxien lapurreta laguntzen barruan dagoela ikusi dut. Sutearoren bulegora deitu, eta esan didate ez dizkidatela ordainduko. Zergatik?

Bitxien lapurreta babestuta dago baina, horretarako, kontratuan zehaztuta agertu behar dira. Kontratuak egiteko unean, edo berrikusten direnean, bitxiak bertan sartzea gomendatzen dugu, baldin eta halakorik badago.(Ikus AKORDUAK liburua, 4. Akordua, 5 puntua, 1go paragrafoa, 32 orrialdea).

Gauza bera gertatzen da baliozko objetuekin eta nekazaritza-jeneroarekin. Laguntzek elementu horiek jasotzen dituzte, baina horretarako, baloratuta eta kontratuan zehaztuta egon behar dute.

Adibide bat jartzearren, pertsona batek, edozein arrazoi medio, altzariak ez baditu kontratuan sartu, eta telebista lapurtzen badiote, edo altzari guztiak kiskaltzen bazaizkio, argi dago Sutearok ez diola inolako laguntzarik emango, ez lapurretagatik, ez suteagatik. Bitxiekin gauza bera gertatzen da.

Askotan pentsatzen dugu bitxiak altzarien kontzeptuaren barruan sartzen direla. EZ da horrela. Altzariak eta bitxiak gauza desberdinak dira eta, ondorioz, kontratuan bereizita agertzen dira.

Gure etxeko teilatua konponduko dugu, ematen al du Sutearok diru-laguntzarik?

Ez. Behin baino gehiagotan esan dugu Sutearo ez dela ongintzako entitate bat edo diru-laguntza emailea. Horrek esan nahi du gure egitekoa ez dela bazkideei etxeak konpontzeko diru-laguntzak ematea. Gure zeregina da gure akorduetan berariaz agertzen den elementuren batek eragindako kalteak konpontzea edo berriztatzea. Baserrietako konponketak edo hobekuntzak diruz laguntzeko aurrekontu partidak Administrazioak izaten ditu (Eusko Jaurlaritza, foru aldundia edo udala).
Sutearoko bazkideak etxeetan egiten dituen hobekuntzak bere kontura dira.

×

WhatsApp

× Zertan lagun zaitzakegu?